XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gogoetan nengoen orain, maiz egiten dudan bezala, nola giza arrazoia tresna librea eta iluna den.

Eskuarki ikusten dut gizonek, proposatzen zaizkien gauzetan, haien egiaren bilatzean baino gogotikago dihardutela haien arrazoiaren bilatzean: gauzak uzten dituzte, eta badihardute kausei buruz.

Hizlari irrigarriak.

Kausen ezagutza bakarrik dagokio gauzen zuzendaritza daukanari, ez guri, gauzen pairamena bakarrik baitugu eta erabiltzen baititugu, geure naturaren arabera, jatorriaz eta izateaz jabetu gabe.

Ardoa ez zaio atseginagoa bere etorkizko ahalmenak dakizkienari.

Aitzitik; gorputzak eta gogoak eteten eta aldaratzen dute munduaren erabilerarako daukaten zuzenbidea, bertan jakintzaren ustea nahasiz.

Zehaztea eta jakitea, ematea bezala, zuzendaritzari eta nagusigoari dagozkie; menekotasunari, azpikotasunari eta ikaslegoari dagozkie gozatzea eta onartzea.

Itzul gaitezen geure azturara.

Gauzen gainetik joaten dira, baina jakinahi handiz ikertzen dituzte ondorioak.

Honela hasten dira eskuarki:

Nola egiten ote da hau?

Baina, egiten ote da?, esan beharko zen.

Gure hitzaldia beste ehun munduren ehuntzeko gauza da eta beren hastapenen eta egituraren aurkitzeko ere.

Ez du ez gairik ez oinarririk behar; utz ezazu lasterka: betearen gainean bezain ongi eraikitzen du hutsaren gainean, eta berdin ezer ezaz nola gaiaz, dare pondus idonea fumo.

Kasik orotan aurkitzen dut esan beharko zela: Ez da deus ere; eta maiz erabiliko nuke erantzun hau; baina ez naiz ausartzen, zeren oihukatzen baitute gogoaren ahuleziak eta jakinezak eragindako hutsa dela.

Eta gehienetan itxuratu behar ditut ihardukitzeko gai eta kontu hutsalak, inola ere sinesten ez ditudanak.

Gainera, egiazki, apur bat zakarra eta liskartia da errotik izatezko proposizio baten ukatzea.

Eta, bereziki gauza sinesgaitzetan, jende guti gelditzen da ikusi dutela esan gabe, edo gure kontraesana gelditzen duen pisua duten lekukoak aipatu gabe.

Ohitura honi jarraikiz, badakizkigu sekula izan ez ziren mila gauzaren funtsak eta kausak; eta mundua eztabaidan ari da alde eta kontra faltsuak dituzten mila arazotan.

Ita finitima sunt falsa veris, ut in proecipitem locum non debeat se sapiens committere.

Egiak eta gezurrak aurpegi bertsuak dituzte, itxura, gustua eta ibilera berdinak; begi berarekin begiratzen diegu.

Aurkitzen dut ez garela soilik engainutik defendatzeko ahulak, baina bilatzen dugula ere bertan sartzeko.

Geure burua hutsalkerian nahastea maite dugu, gure izateari dagokion gauza bezala.